top of page

Disko berria bidean!


Disko berriaren azala (diseinua: Goibel Uxoak)
Disko berriaren azala (diseinua: Goibel Uxoak)

HEMEN BEHARKO LUKE

 

Disko honen hazia nire etxeko “estudioan” landatu nuen. Orain arteko diskoetan, lehenengo zirriborroak nirekin urtetan aritu diren musikarientzako gida-lerroak izateko ontzen nituen. Hala ere, zenbait abestik lehenengo grabazio horretan zeukan magia galdu egiten genuen, oso zaila baita barruan hain argi daukazun hori beste norbaiti azaltzea. Oraingo honetan, abestien gida horiek behin betiko bilakatzea izan da nire asmoa, eta horretarako, abestion giroa garatzen joan naiz. Bateriak programatu, sinteak gehitu, piano elbarriak grabatu… Miguel Ramirez ere nirekin egon da hasierako une horietan, ideiak proposatzen eta nire esku traketsek egin ezin zutena abileziaz egiten. Abestiok nahikoa itxuratuta zeudenean, norbait behar nuen ikuspegi fresko bat emango liokeena. Ekaitz Hernandez (Sonic Trash, Monday Potions…) musikari eta laguna izan da bidaia honetan ezinbesteko bidelagun. Hilabete batez ibili dira abestiak hara eta hona, ideien trukaketa interesgarrian. Abestien produkzioa bion artean egin dugu gehien bat. Ekaitzek jakin du abestiak demaseko elementuetatik askatzen eta ezinbesteko bilakatu diren beste hainbat indartzen edo gehitzen. Zinez betegarria izan da berarekin abesti hauek irteera mugan jartzea. Berriz ere, Mutrikuko AME estudiora eraman ditut abestiak. Bertan grabatu ditugu falta ziren pistak. Dena den, aurreko etapako elementu gehienak bere hartan gelditu dira. Axular Arizmendi (soinu teknikaria eta laguna) ibili da beste behin nirekin, nahasketak eta, hainbatetan, oraindik itxita ez zegoen sorkuntza kontuetan ere bai. Ordu dezente eman ditugu elkarrekin kafe kolonbiarra lagun, bateriak saturatzen, ahotsak ganorazko mikro batekin grabatzen edo gitarra distortsionatuak salan grabatzen nire Mesa Boogie zaharrarekin.

Ni instrumentista kaskarra naiz, eta hori batzuetan abantaila da, gehien bat niri hainbeste gustatzen zaizkidan giro minimalista eta naif-ak sortzeko, adibidez, baina beste batzuetan behar-beharrezkoak dira instrumentuak ganoraz menperatzen duten lagunen partehartzea. Miguel Ramirez, berriz etorri da estudiora zenbait gitarra eta baxu grabatzera, Natxo Beltranek bateriak grabatu ditu, programazioen gainetik ekilibrioak egiten, eta Rafa Acevesek bere etxean grabatutako piano akustikoaren soinuak bidali dizkigu. Gainera, Juan de Diego tronpeta jole apartak abesti batean parte hartu du. Zorionekoa ni!

Masterizazioa Paxkal Etxeparek egin du Baionako bere estudioan.

Diskoaren sortze prozesuan oso garrantzitsua izan dira musikatu ditudan testuak. Nire lanean,  normalean horien mesedean dator gainontzeko guztia. Testu horiek ideia baten inguruan aritzen dira: Bizitzak egin ohi digun iruzurra, aurrean jartzen digun ameskeria. Garai batean atzamar puntarekin ia ukitzen genuen hura, denbora luzean heltzeko zorian zegoen hura lortzeko eman dugun denbora, jada hemen egon behar zuen hori ez da heldu eta ez da helduko. Bakoitzak bere subjektu propioa izango du itxoinaldi luze bezain antzu horretan. Baina mezua ez da ilusio guztiak bukatu direla, ez. Mezua da oraindik bizirik gaudela, zaurgarri baina bizirik eta ez dela, honez gero amore emateko ordua. Bizitza xuhurra da, esku zimurra, baina aldi berean edertasun aparta eskaintzen digu.

Eta hau da hiru hilabeteko lana hitz gutxi batzuetan azalduta. Diskoa kalean da jada, espero dezagun bide oparoa izatea.

 

KREDITUAK

Abestiak eta letrak: Txuma Murugarren, ondokoak izan ezik:Lizar bat abestiaren poema: Iñigo Aranbarri (dordokak eta elurrak 1989)Ni ez naiz: Txuma Murugarren eta Iñigo Aranbarri

Ekaitz Hernandez: mellotrona, sinteak, bateria programazioa, baxua, zaratak…Miguel Ramirez: gitarrak eta baxuaRafa Aceves: piano akustikoaNatxo Beltran: bateriaTxuma Murugarren: sinteak, bateria programazioak, gitarrak, loopak, ahotsa...

Diskoaren hazia Hotel Handi Soinu-gelan, La Motta eta El Cerro home estudioetan landatu da.

Gainontzeko grabazioak eta nahasketak: AME estudioak

Nahasketak: Axular Arizmendi

Masterizazioa: Paxkal Etxepare

Produkzioa: Ekaitz Hernandez eta Txuma Murugarren

Gonbidatua: Juan de Diego (tronpeta)

Eskerrik asko:

Xantal, Leila eta Alen, euren ahotsak oparitzeagatik; Juan de Diego, bere talentua diskoaren zerbitzura jartzeagatik; Xarra eta Ubane (Gaztelupekotarrak) babesle nekaezinak izateagatik; Iñigo Romera (Vudumedia) eta Niko Vazquez diseinu-aholku ordainezinengatik.

 

 
 
 

Recent Posts

See All
Disko berrirako bideoa

Hemen Beharko Luke diskoa Irailean aterako da azkenean. Luzatu zaigu kontua, hasiera batean apiril-maiatz honetan publikatzekoa baitzen....

 
 
 

Comments

Rated 0 out of 5 stars.
No ratings yet

Add a rating
Txuma Murugarren / Euskal Musika
bottom of page