top of page

Resultados de la búsqueda

5 results found with an empty search

  • The jazz of Love (Monday Potions)

    Eneko Peña (Monday Potions) Monday Potions da Eneko Peñak sortutako proiektu kilikagarria. Ekaitz Hernandez (nirekin hainbat urtetan ibilitako musikari bikainak) baxu jole eta produktorearekin batera, abesti sorta ederra grabatu dute. Erakargarriak eta bereziak. Proiektu honetan parte hartzeko poza izan nuen Enekok zenbait poema-hitz egingo ote nituen proposatu zidanean. Argazkian klikatu eta entzungo duzu emaitza. Eskerrik asko Eneko!

  • Disko berrirako bideoa

    Hemen Beharko Luke diskoa Irailean aterako da azkenean. Luzatu zaigu kontua, hasiera batean apiril-maiatz honetan publikatzekoa baitzen. Baina ez gaude geldirik. Disko berrirako bideoa egiten ari gara, eta aurreko egunean grabazio eguna izan zen. Eneko eta Jon Peña aritu dira irudiak grabatzen eta gero edizioa ere euren esku geratuko da. Bideoa Bilboko BIRA KULTURGUNEAN  eta inguruetan grabatu dugu.

  • Jonan Ordorika gogoan

    Martxoaren 12an, Loraldiak antolatuta, Jonan Ordorika zenari omenaldi hunkigarria egin zitzaion. Bere lagun izandako asko bildu ginen eta musika eta hitza uztartu ziren teknikari eta lagun bikaina oroitzeko. Gau horretan oso present egon zen Lou Reed Mila Esker lana, Jonanen ekimenez sortutako disko berezia, zeinean berarekin batera lanean ibili bainintzen letrak euskaratzen eta abestietan egokitzen. Oroitzapen ederrak. Ez adiorik, lagun! https://www.youtube.com/watch?v=2uzav0Udub8&ab_channel=AngelKatarain

  • Promoziorako argazkiak

    Larunbat ederra pasa genuen Hemen Beharko Luke diskoaren promoziorako argazkiak egiten. Goienetxe tarren baserrira hurbildu ginen eta han zeuden Beñat, Maitane, Aratz eta Ianitz ongi etorria emateko eta ardiak gobernatzeko! Endika Lekube k eraman zituen argazki traste guztiak eta Begipuntuan -ek ere bai, drona eta guzti. Alina Ivan ere hor ibili zen bere begi zoliarekin. Talde horretako eskaxena "modeloa". egilea: Endika Lekube

  • Disko berria bidean!

    Disko berriaren azala ( diseinua: Goibel Uxoak ) HEMEN BEHARKO LUKE   Disko honen hazia nire etxeko “estudioan” landatu nuen. Orain arteko diskoetan, lehenengo zirriborroak nirekin urtetan aritu diren musikarientzako gida-lerroak izateko ontzen nituen. Hala ere, zenbait abestik lehenengo grabazio horretan zeukan magia galdu egiten genuen, oso zaila baita barruan hain argi daukazun hori beste norbaiti azaltzea. Oraingo honetan, abestien gida horiek behin betiko bilakatzea izan da nire asmoa, eta horretarako, abestion giroa garatzen joan naiz. Bateriak programatu, sinteak gehitu, piano elbarriak grabatu… Miguel Ramirez ere nirekin egon da hasierako une horietan, ideiak proposatzen eta nire esku traketsek egin ezin zutena abileziaz egiten. Abestiok nahikoa itxuratuta zeudenean, norbait behar nuen ikuspegi fresko bat emango liokeena. Ekaitz Hernandez (Sonic Trash, Monday Potions…) musikari eta laguna izan da bidaia honetan ezinbesteko bidelagun. Hilabete batez ibili dira abestiak hara eta hona, ideien trukaketa interesgarrian. Abestien produkzioa bion artean egin dugu gehien bat. Ekaitzek jakin du abestiak demaseko elementuetatik askatzen eta ezinbesteko bilakatu diren beste hainbat indartzen edo gehitzen. Zinez betegarria izan da berarekin abesti hauek irteera mugan jartzea. Berriz ere, Mutrikuko AME estudiora eraman ditut abestiak. Bertan grabatu ditugu falta ziren pistak. Dena den, aurreko etapako elementu gehienak bere hartan gelditu dira. Axular Arizmendi (soinu teknikaria eta laguna) ibili da beste behin nirekin, nahasketak eta, hainbatetan, oraindik itxita ez zegoen sorkuntza kontuetan ere bai. Ordu dezente eman ditugu elkarrekin kafe kolonbiarra lagun, bateriak saturatzen, ahotsak ganorazko mikro batekin grabatzen edo gitarra distortsionatuak salan grabatzen nire Mesa Boogie zaharrarekin. Ni instrumentista kaskarra naiz, eta hori batzuetan abantaila da, gehien bat niri hainbeste gustatzen zaizkidan giro minimalista eta naif-ak sortzeko, adibidez, baina beste batzuetan behar-beharrezkoak dira instrumentuak ganoraz menperatzen duten lagunen partehartzea. Miguel Ramirez, berriz etorri da estudiora zenbait gitarra eta baxu grabatzera, Natxo Beltranek bateriak grabatu ditu, programazioen gainetik ekilibrioak egiten, eta Rafa Acevesek bere etxean grabatutako piano akustikoaren soinuak bidali dizkigu. Gainera, Juan de Diego tronpeta jole apartak abesti batean parte hartu du. Zorionekoa ni! Masterizazioa Paxkal Etxeparek egin du Baionako bere estudioan. Diskoaren sortze prozesuan oso garrantzitsua izan dira musikatu ditudan testuak. Nire lanean,  normalean horien mesedean dator gainontzeko guztia. Testu horiek ideia baten inguruan aritzen dira: Bizitzak egin ohi digun iruzurra, aurrean jartzen digun ameskeria. Garai batean atzamar puntarekin ia ukitzen genuen hura, denbora luzean heltzeko zorian zegoen hura lortzeko eman dugun denbora, jada hemen egon behar zuen hori ez da heldu eta ez da helduko. Bakoitzak bere subjektu propioa izango du itxoinaldi luze bezain antzu horretan. Baina mezua ez da ilusio guztiak bukatu direla, ez. Mezua da oraindik bizirik gaudela, zaurgarri baina bizirik eta ez dela, honez gero amore emateko ordua. Bizitza xuhurra da, esku zimurra, baina aldi berean edertasun aparta eskaintzen digu. Eta hau da hiru hilabeteko lana hitz gutxi batzuetan azalduta. Diskoa kalean da jada, espero dezagun bide oparoa izatea.   KREDITUAK Abestiak eta letrak:  Txuma Murugarren, ondokoak izan ezik:Lizar bat abestiaren poema: Iñigo Aranbarri  (dordokak eta elurrak 1989)Ni ez naiz: Txuma Murugarren eta Iñigo Aranbarri Ekaitz Hernandez : mellotrona, sinteak, bateria programazioa, baxua, zaratak… Miguel Ramirez : gitarrak eta baxua Rafa Aceves : piano akustikoa Natxo Beltran : bateria Txuma Murugarren : sinteak, bateria programazioak, gitarrak, loopak, ahotsa... Diskoaren hazia  Hotel Handi Soinu-gelan, La Motta eta El Cerro home estudioetan landatu da. Gainontzeko grabazioak eta nahasketak : AME estudioak Nahasketak : Axular Arizmendi Masterizazioa : Paxkal Etxepare Produkzioa : Ekaitz Hernandez eta Txuma Murugarren Gonbidatua : Juan de Diego (tronpeta) Eskerrik asko : Xantal, Leila eta Alen, euren ahotsak oparitzeagatik; Juan de Diego, bere talentua diskoaren zerbitzura jartzeagatik; Xarra eta Ubane (Gaztelupekotarrak) babesle nekaezinak izateagatik; Iñigo Romera (Vudumedia) eta Niko Vazquez diseinu-aholku ordainezinengatik.

Txuma Murugarren / Euskal Musika
bottom of page